Gaurkoan arteaz haratago joango naiz, literatura eta kazetaritzara pasatuko naiz Carmen de Burgosen eskutik. Carmen Almeriako herri batean jaio zen 1867an, eta haurtzaro alai bat bizi izan zuen. Baina gazte ezkondu zen, eta hau akats handia izan zen bere bizitzan, izan ere, aukeratu zuen gizonezkoa ez zen izan hasieran uste zuen modukoa, eta hainbat jipoi eta gezur jaso eta gero bere alaba besoetan hartu eta Madrilera alde egin zuen. Bere ingurukoek ez zioten hau inoiz parkatu.
Magisteritza ikasi zuen, gauez, egunean zehar alaba zaintzen zuen eta. Madrilen bizi zen giro kulturalean sartzea lortu zuen eta eskolak ematen eta idazten hasi zen. Egunkarietan ere idazten zuen. Kasu honetan, ezizena erabiltzen zuen: Colombine. Emakumeentzat zutabeak idazten hasi zen, baina testu hauen barnean bestelako mezuak helarazten zizkien emakumeei (askatasuna, boto eskubidea eta dibortzioa). Horrela, ideia feministak egunkari batean lehen aldiz idatzi zituen kazetaria bihurtu zen. Baina ez zen hau izan aitzindari izan zen aldi bakarra, izan ere lehenengo emakumea izan zen gerrako korrespontsal modura lan egiten. Zehazki, Rifen egon zen, 1909an. Gerra gerrari artikulua idatzi zuen eta gizonek gerra egitea kritikatu zuen bertan. Honetan ere aitzindaria izan zen.
98ko belaunaldiko idazleekin batera idatzi zuen. Guztira, ehun bat nobela idatzi zituen, bidaia liburuak, artikuluak, biografiak eta itzulpenak. Gizonezko haiekin harremana izan zuen, baina ez da historia liburuetan agertzen gizonezkoen kasuan bezala. Isilarazia eta errea izan zen, izan ere frankismo garaian biblioteka guztietatik bere liburuak erretzea eskatu zen eta bere idatzi guztiek amaiera bera izan zuten. Paper gainean feminismoaren hastapenak idatzi zituen lehen emakumearen hitzak eta ideiak suak desagerrarazi zituen.