Zutabe honetan nire hausnarketak idatzi ohi ditut, baina oraingo honetan beste zerbait egitea gustatuko litzaidake, historiak isilarazi dituen emakumeen ahotsak berpiztu nahiko nituzke, eta zutabe hau beraien bozgorailu modura erabili.

Kasu honetan Maria Elisabet Portugalgoa izango da protagonista. 1797an jaio zen Portugalen eta 19 urte zituela bere osabarekin ezkondu zuten, Fernando VII.rekin, honek 32 urte zituela.

María Isabelek hezkuntza zabala jaso zuen gaztaroan. Ezagutza hauen artean humanitateak eta arte plastikoak zeuden. Margolan batzuk egin bazituen ere (lau hilabete zituela hil zen alabarena kasu), ez da gaur egun bat bera ere mantendu. Emakumeen aldeko hainbat ekarpen egin zituen garai hartako Espainia atzerakoian. Hala nola San Fernando Erret Akademian lehenengoz emakumeek hezkuntza jasotzeko baimena lortu zuen.

Kulturaren alde egin zuen beste ekarpen garrantzitsua Prado Museoaren sorkuntza izan zen. Gerra Napoleonikoen ostean Erret bildumako hainbat artelan Eskorialeko sotoetan gorde ziren. Maria Elisabetek egoera txarrean zeudela ikusita pentsatu zuen ideia ona izango zela beste lekuren batera eramatea eta ikusgai jartzea. Lehenengo aldiz edonork ikusi zezan Erret bilduma zoragarri hori. Goyak lagunduta, obra guztiak gaur egungo Prado Museora eraman zituen. Horrela hasi zen munduko museorik garrantzitsuenaren historia. Isilarazia izan zen emakume batengatik.

21 urterekin erail zuten. Erditzen zegoenean krisi epileptiko bat jasan zuen. Medikuek pentsatu zuten hilda zegoela, eta sabela zabaldu zioten umea ateratzeko. Orduan garrasi egin zuen eta betirako isilarazi zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!