Honek argi uzten du Historian oraindik badagoela ikertzeko gauza asko eta beste hausnarketa batera eramaten gaitu: zenbat gauza ez ditugu ezagutzen? Zenbat datu ezabatu dituzte? Zenbat gertakari isilarazi dituzte? Zenbat pertsonen izenak galdu dira urteetan zehar? Eta datu hauek guztiak argitzeko daude oraindik, lan handia dago egiteko. Hori da historialarien lana. Ez al da zirraragarria? Era berean, guk zer utziko diegu etorkizuneko pertsonei? Gu bizitzen ari garen momentu historiko hau ondo ulertzeko kapazak izango dira? Ondo egingo al dugu gure lana? Errespontsabilitate handia da hainbeste teknologia eta bestelako iturriak izanda, egia hutsa transmititzea. Izan ere, zein da egia hori? Eta zein da iraganaren egia?
Hau guztia daukat azken egunetan buruan. Nortzuk garen ulertzeko atzera begiratu behar dugu, baina ez dakigu iraganeko pasarteak ondo ezagutzen ditugun ala ez. Historialariaren lana benetan garrantzitsua da gure izaera bera ulertzeko. Izan ere, zu, orain, hemen, historia egiten ari zara. Horregatik, historia aspergarria dela esaten duten horiei hau esan beharko genieke: irribarre egin, etorkizunean zure argazkia ikusi daiteke historia liburuetan eta!