Noiz irtengo gara bizi dugun egoera gris honetatik? Gris kolorearen definizioa bilatu ezkero hau aurkituko dugu: “Kolore grisa egoera goibelarekin lotzen da. Pertsonak grisak izan daitezke; tristeak, malenkoniatsuak dira. Eguraldi lainotsua ere grisa da. Moda kontuetan seriotasuna adierazten du, eta kasu batzuetan dotorezia”. Nire mihise zurian grisak dauka presentzia handiena, batzuetan argiagoa da, zuri gehiagorekin eta beste zati batzuetan beltzak presentzia gehiago hartzen du. Egoera denontzat parekoa dela jakiteak ere ez du argitasunik ematen laguntzen. Hala ere, definizioarekin jarraitzen badugu hau ere irakurri dezakegu: “zerebroak badu materia grisa eta, beraz, jakintsu edo intelektualen kolorea ere bada”. Hala bada, honek argitasuna ematen dio nire mihiseari. Ideia hori kontuan izanda jakituria erabili dezaket koloreak sortzeko. Ilusioaren kolorea gorria izan daiteke, sormenarena urdina eta poztasunarena horia. Oinarrizko hiru kolore horiekin beste kolore guztiak sortu ahal ditugu eta, beraz, gure mihisea kolorez bete dezakegu. Hiru kolore horiek erabili beharko ditut nire artelan grisa koloretsu bilakatzeko. Zu ere batuko zara? Bestela, etorri museoko erakusketa ikustera eta murgildu zaitez Zuriarrainen koloreetan. Ea horrela behintzat kolore apur bat ematen diogun zeru eta bihotz gris hauei.