Haurtzaro analogikoa

Azkenaldian denborari buruz hausnartzen ari naiz. 80ko hamarkadan jaioak garenok haurtzaro analogiko bat izan dugun azkenak izan gara. Gaztaro digitalean sartu ginen, baina gutxienez txikitan ez genuen inoiz entzun internet, mugikor, sare sozial eta halako hitzik. Eta honek denbora beste era batera ulertzea ekarri digu. Izan ere, gure haurtzaroan denbora astiroago zihoan. Itxaroten ikasi behar izan genuen, derrigorrez.

 Telesailak astean behin egiten ziren, bitartean hurrengo atala ikusteko aste bat itxaron behar genuen edo egun bat Dragoi Bolaren atalak ikusteko. Argazkiak ateratzen genituenean eta errebelatzera eramaten genituenean egunak ere itxaron behar izaten genituen (batzuetan azkarrago egiteko aukera ere izaten genuen, baina kalitatea ez zen hain ona). Horren lekuko ditut Berri Txarrak eta Hyssopus taldeen kontzertuen argazkiak Berrizko probalekuan. Gure arteko komunikazioa ere desberdina zen. Lauretan BBKn esan, eta han agertzen zena taldera batzen zen, bestela kale. Whatsappa ez izatearen ondorioak. Eta etxeko finkoa! Hori bai oroitzapena. Gustuko genuen neskaren edo mutilaren etxera kaleko kabinetatik deitzen genuenean, 25 pezetako txanpon batekin. Haren “Bai?” entzun eta telefonoa eskegitzen genuen (gurasoak erantzuten ez bazuen, noski).

Orain denbora azkarrago doa, eta nire semeengan ikusten dut ez dakitela itxaroten. Dena dute momentuan bertan. Norbaitekin hitz egin nahi eta whatsappa bidali, zerbait erosi nahi eta Amazonera jo, telesail bat ikusi nahi eta milaka plataforma eskura momentuan bertan ikusteko. Zer egingo zuten gaur egungo haurrek gure haurtzaro analogikora bueltatuko balira? Hori bai, nik argi daukat, harro nago modu analogikoan hazi zen azken belaunaldikoa izateaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!