Kultura gosea dago. Argi geratu da zeinen garrantzitsua den kultura gure bizitzetarako, itxialdian gehien kontsumitu duguna da, eta orain, kalean egon ahal dugula, hainbat oztopo izanda ere, kultura kontsumitzeko gogo eta beharra hor dago.
Gaia interesgarria da, argi dago. Sorgin ehizak 250.000 emakumeren hilketa ekarri zuen XV. eta XVIII. mendeetan Europan. Emakume askea, zenbait gaitan aditua izate hutsagatik eraila. Sistema patriarkal baten zehaztutako bizitzatik at bizi nahi izanagatik sutara kondenatuak. Aspaldiko istorioak al dira? Hitz hauek, tamalez, inoiz baino biziago daudela uste dut nik. Historiak gure akatsetatik ikasteko balio duela diote, baina hori ere ez dakigu ondo egiten.
42 emakume artistaren lanak erakusketa bakar batean ikusi ahal izana luxuzko gauza bat da gaur egun. Hemen ere emakumeak beti bigarren plano batean bizi izan direlako. Emakume artistak isilaraziak izan dira. Bada garaia beraien lana ikusgai jartzeko. Ohikoa izan beharko litzateke 2020. urtean emakumeen lanak biltzen dituzten erakusketak ikustea, eta hau ere oraindik fikzioa dirudien gai bat da. Sasi guztien gainetik egindako erakusketa bat izan da hau eta horregatik ari da horren arrakasta handia izaten. Oztopoei aurre egiteko garaia da. Kulturaz gozatzeko garaia, emakumeen kontrako indarkeria deuseztatzeko garaia eta emakume artisten lana ikusgai jartzeko garaia.