50 urteko abangoardia kulturala

Imajinatu Durangoko txoko batean hainbat jesarleku eroso daudela eta beste pertsona batzuekin elkartzeko aukera duzula, musika entzun, bideoak ikusi, aldizkariak irakurri eta arteaz eta kulturaz hitz egiteko toki bat dagoela. Gainera, toki berean aldi baterako erakusketak egiten dira puntako artistekin. Guztia dohainik.

Ba, imajinatu baino, egin beharko genuena gogoratzea da. Bai, izan ere, orain dela 50 urte inauguratutako Ezkurdiko Udal Kultura Aretoan hau guztia gauzatzen zen. 1970eko uztailaren 16an zabaldu zituen ateak Udal Kultura Aretoak, Leopoldo Zugazaren ideia aurrerakoi batean oinarrituta. Basilio Aranaren eta Jesús Astigarragaren laguntzarekin, parke berrian areto bat izatea lortu zuen, ekintza kulturalak egiteko toki bat.

20 urtez 100 erakusketa baino gehiago egin ziren bertan. Chillida, Balerdi, Zumeta, Nestor Basterretxea, Larrea, eta beste hainbat artista pasatu ziren bertatik. Hasi berriak eta herrikoak ahaztu gabe. Erakusketa aretoaz gain, 1985ean kultur animazioko areto bat ere zabaldu zen, herritarren eskura utziz kultur jakintza (literatura, musika, arte plastikoa, etab.). Erakusketa hauek 1.000 bisitari baino gehiago izatera iritsi ziren. Baina ezin dugu ahaztu gizartearen zati handi batek ez zituela guztiz ulertzen ideia abangoardista hauek. Ezkurdiko aretoa Arte eta Historia Museoaren “ama” kontsideratu dezakegu. Orain, 50 urte igaro eta gero, omenaldi txiki bat egin nahi diegu Durango abangoardia kulturalaren ikur bilakatu zuten guztiei: aretoko langileei, artistei eta bertatik pasatu ziren bisitariei. Uztailaren 17tik 26ra bitartean, Ezkurdiko erakusketa aretoan itxarongo zaituztegu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!