Beldurra ematen digu gure bizitza erreala erakusteak.
Antzeko zerbait egiten dugu, baita ere, urtea amaitzen denean. Urtean zehar lortutako emaitza onak azaltzen ditugu, pasatu dena ona izan dela argi utziz. Urte oso baten gauza onak bakarrik gertatu direla nork sinetsi dezake, ordea? Museotik ere gauza bera egin dugu, 2019ko datuak eman ditugu eta positiboak izan direla harrotasunez esan dugu, baina beste irakurketa bat ere egin dezakegu, gure ahultasunak zeintzuk diren esan dezakegu: 13tik 25 urtera bitarteko gazteek ez dute museoan interesik, urtean zehar askotan kontra-programatu egin gara beste elkarte edo erakundeekin, oraindik ere ezagutzen ez gaituen pertsona asko dago, komunikazio falta dugu, etab. Agian, gauza onei baino, egiten ditugun akatsei erreparatuko bagenie, gehiago ikasiko genuke. Postureoak ez digu onik egiten.