Gure gorputza museoa bera da, eta museoko horma bakoitza gure bizitzaren garai desberdin bat. Era berean, horma horiek betetzen dituzten koadroak gure esperientziak izango lirateke. Batzuetan esperientzia batzuk besteak baino handiagoak dira, hormaren zentimetro gehiago betetzen dituzte. Beste batzuk, ordea, txikiak dira, baina marko deigarri bat dutenez atentzioa deitzen digute.
Koadro batzuk figuratiboak dira, errealitate zorrotza erakusten digute, benetan gertatzen dena (gure alde arrazionala, alegia) eta beste batzuk, ordea, guztiz abstraktuak dira (gure sentimenduak izango lirateke hauek). Koloreak ere garrantzia dauka. Momentuan sentitzen duguna azaltzen digulako; kolore argiak momentu alaiak azaltzeko eta ilunak momentu garratzak adierazteko.
Pentsa ezazu momentu honetan zure museoko koadro bat egiten zabiltzala. Zure bizitza, momentu zehatz honetan, errepresentatzen duen lana izango zen. Nolakoa izango zen? Kolore ilunekin ala argiekin pintatua? Tamainaz handia ala txikia? Abstraktua, zure barrenak era irrazionalean azaltzen dituena ala figuratiboa, gauzak diren bezalakoak direla esaten duen lan bat?
Modu batera edo bestera bada ere, garrantzitsuena gure koadro guztiekin zerbait ikastea da, eta hormetan zintzilik uztea, gure bizitza nolakoa izan den ez ahazteko, hori baita etorkizuna hobetzeko bide bakarra. Akatsetatik eta arrakastetatik ikasten dugulako bizitzen.