... atera dadila herriko plazan

Askotan zapaltzen ditugu, baina gutxitan jabetzen gara zenbateko garrantzia duten. Gure herriko plazez ari naiz. Herriko plazak dira gure jai guztien protagonistak. Uda heltzear dagoela, gainera, plazan egiten dira hamaika ikuskizun.

Herriko plazan ikusiko ditugu dantzariak, elkartuko gara lagunekin, dantzatuko gara, ilusioz itxarondako kontzertuaz disfrutatuko dugu eta barre edo negar egingo dugu bertan plazaratzen diren antzezleekin.

Uda eta herriko plaza batera doaz. Durangaldean ekintza kultural asko egingo dira urtaro honetan; herrietako jaiez gain, Durangon "Uda Giro", Iurretan "Iurreta plazaratu" edo  Zornotzan "Haizetara" ekintzek kaleak beteko dituzte. Dohaineko ekitaldiak dira guztiak, gainera. Kultura denon esku dagoela argi utziz. Irten gaitezen kalera orduan, herriaren parte sentitzeko beste modu bat ere bada eta, gainera, kulturaren alde egoteko beste era bat ere bai. 

Hala ere, askotan entzun izaten da ez dagoela eskaintza kulturalik edo egiten dena ez dela nahikoa, baina errealitatea guztiz desberdina da, eta hori, ekintza kulturalak antolatzen ditugunok argi dugu. Kaleak, plazak, antzokiak, bibliotekak, museoak, aretoak... urtean zehar ekitaldi kulturalez betetzen dugunok badakigu zer den hainbat eguneko lanaren ostean gela hutsik ikustea, publiko gabe. 

Udan, kalean egongo gara denok, musikaz, antzerkiaz, dantzaz eta abarrez disfrutatzen. Baina ez ahaztu urtean zehar ere, lau hormen artean ekintza kultural asko dagoela Durangaldean. Herriko plaza asko daude eta denak ez daude kalean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!