Gela propio bat

Virginia Woolf idazle britainiarrak 1929an Logela propioa saiakera idatzi zuen. Bertan azaltzen zuenez, emakume batek logela propio bat eta dirua behar ditu nobela bat idatzi ahal izateko. Norberaren espazioa beharrezkoa omen da sortzeko. Ideia hori oinarri modura hartuz, Durangoko Arte eta Historia Museoan At|ente erakusketa sortu dugu.

Aurretik harremanik ez zuten sei artista elkartu ditugu eta espazio fisiko bat eman diegu, sormenari hegoak emanda. Nahi zutena nahi zuten lekuan egiteko aukera eman diegu. Horrela eratu da erakusketa hau. Museoko bigarren solairua sei artista gazte hauen logela propio bihurtu da apirilaren 28ra arte. Ikusgai dauden lanetatik aparte, beraien artean sortu den harremana ere azpimarratu nahiko nuke. Izan ere, batera lan egitean sei emakume hauek erlazio artistiko berezi bat sortu dute eta beraien hartu-emanek artelan itxura hartu dute.

Honek beste hausnarketa batera narama: sormenari bultzada bat ematea espazio propio bat izatea baino ez bada, zergatik ez dugu eskualdean horrelakorik? Non batu daitezke artistak sortzeko, elkarren artean harremanetan jartzeko edo elkar ezagutzeko baino ez bada? Behin baino gehiagotan entzun izan dut artisten ahotik, horrelako espazio baten beharra dutela. Hain erraza izanda, zergatik ez da horrelakorik existitzen? Ezjakintasuna, sormenagatiko interes falta, leku eza? Ez dira aitzakia nahikoak.

Eskualdeko sormenari bultzada bat emateko, gela bat baino ez dugu behar. Lau horma artea egitearen truke. Gela bat kulturaren alde. Hain zaila al da?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!