Giza biblioteka

Biblioteka bat liburuen etxea da, baina ez hori bakarrik. Hitzen etxea ere bada, ezagutzarena, istorioena, pentsamenduena, sentimenduena, bizitzena, abenturena... Hori guztia eta are gehiago sartzen da liburu batean, eta beraz, halako hamaika daude biblioteka batean. Paperezko ohiko formatuaz gain, gaur egun digitala ere erabiltzen dugu, baina bada beste formatu bat ere, agian hain ezaguna ez dena, 2000. urtean Danimarkan sortu zena: giza biblioteka.

Ohiko liburuetan idatzizko letrak dira istorioak kontatzen dizkigutenak, baina giza bibliotekan ahozko hitzak dira hori egiten dutenak. Liburuak ez dira paperezkoak, hezur-haragizkoak baizik.

Proposamen berritzaile honekin jarraituko dute (2017an egin zen estreinakoz) Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekan. Aurtengo gaia "Bideak gurutzatuz. Maroko" da. Bertan gure komunitatearen parte diren 6 pertsonen bizi istorioak ezagutzeko aukera izango dugu. Ahmed Maataoui, Lamya, Ahmed, Mohammed, Farid eta Mariam izango dira liburuak eta kontatuko dituzten istorioak; bidaiak, oihalgintzaren enpresa bateko ezkutuko aurpegia, norberaren sorterrian atzerritarra izatea, gizartearen aurreiritziak, Rifeko istoriak eta beloaren erabilpena.

Giza Bibliotekaren bidez, desberdintasuna goraipatzen da, eta sustatu egiten dira elkarrizketa, tolerantzia, ikaskuntza, eta beste bizitza estilo eta kulturetatik datozen pertsonek elkar ulertzea. Azaroaren 28an, 18:30ean, Bizenta Mogel bibliotekan izango da hitzordua. Ez aukera galdu esperientzia berri honetaz disfrutatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!