Gaurko gaztetxoek uneoro daramate mugikorra soinean. Elkarrekin geratzeko derrigorrezkoa da etxetik irten aurretik hala adieraztea aplikazio batean edo bestean.
Bizitza aldatzen doa etengabean. Batzuetan ez gara ohartu ere egiten, gauza naturaltzat hartzen ditugu bizitzeko era eta jokaera berriak. Aurretik bizi izan duguna zalantzan jartzen.
Hala ere, noizbehinka aurrerapenak edo berrikuntzak ez dira era berean onartzen. Batzuei berritasunak beldurra ematen dielako: "Hezkuntza eredu berritzaile bat? Ez, eskerrik asko! Lege eguneratuak? Zertarako? Parekidetasuna? Ezinezkoa!"
Eskerrak zenbaitetan aldaketak era normalean hartzen diren; izan ere, azken urteetan ikusi izan dugunez, neskek zuriz jantzita egiten dute dantzan plazan. Tradizioari jarraituz, eboluzionatu daitekeela adieraziz. Aupa zuek!
Kanbioa naturala da, bizitza eboluzionatzen doa eta berarekin batera, gizartea. Batzuetan aldaketa berez heltzen da eta besteetan gizartearen bultzada txiki bat behar du; erreboluzioa beharrezkoa izaten da. Ez diezaiogun beldurrik izan.