Mezenas, Medici eta Olave

Gaio Zilnio Mezenas (K.a.70-8) noble erromatarra izan zen, diplomazialari trebea eta Oktavio Augusto enperadorearen kontseilaria, baina historian ezaguna egin bada, arteagatiko eta artistenganako izan zuen interesagatik izan zen. Olerkariak babestu zituen, Zesarren irudia omendu zezaten eta bere karrera politikoa bultzatzeko. Bere abizena, artisten sorkuntza diruz laguntzen duen pertsonaren sinonimo bihurtu da.

Historian zehar mezenas ugari egon dira. Aipagarrienak errenazimendu garaikoak izan ziren; horien artean, Medici familia izan zen ezagunena. Mendeek aurrera egin ahala, mezenasgoaren ideia aldatuz joan da. Errenazimenduan mezenasaren menpe egoten zen artista. Gaur egun, ordea, artistak libreak dira. Baina egia da gero eta zailagoa dela mezenasa izatea. Legeak ere oztopo bihurtzen dira kasu askotan. Espainiaren kasuan, mezenasgoaren legea 2002koa da, eta lege horrek asko oztopatzen du, batez ere, kasu pribatuetan, artea finantzatzea. BEZaren igoerak ere kalte handia egin dio; prezioak asko igo dira, arte galeria asko ixten ari dira, artea ez da erosten, artistak ezin dute beraien lana saldu...

Zorionez, José Ignacio Olaveren moduko pertsonak badaude oraindik. Nahiz eta bere burua ez duen mezenastzat hartzen, mezenasa da. Euskal artista batzuen lanak editatu ditu eta orain Durangoko Arte eta Historia Museoan daude ikusgai horietako batzuk "Editore mozorrotua" erakusketan. 9 artisten lanak editatu ditu eta, guztira, 60 artelan batzen dira erakusketan. Irailaren 16ra arte ikusgai egongo da. Ez galdu aukera!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!