Nire amama eta aititerekin hitz egin nahiko nuke eta hainbat galdera egingo nizkien, aurretik, agian umea nintzelako, pentsatu ere ez nituenak egin: zelakoa izan zen haien haurtzaroa, nolakoa izan zen gurasoak espetxera eraman zituzteneko momentu hura, zer jaten zuten, zerekin jolasten ziren, etab. Galdera arruntak dira, bai, ez dira galdera filosofikoak edo sakonak. Baina nire familiaren historia ulertzeko balio dute.
Izan ere, gure gertuko historiaren pertsonaiak joan egiten dira, eta memoria galtzen da. Nahiz eta memoria hori gordetzen saiatu, ez da inoiz berdina izango, guri kontatutakoa guk kontatzea edo lehenengo pertsonan azaltzea. Honek ez du esan nahi ez dugula memoria hori gorde behar, ezta gutxiago ere. Haien hitzak bizirik mantentzea da gure lana. Baina egia da, apurka-apurka gertuko historiaren argi batzuk amatatzen ari direla.
Gaur egun erraza dirudi egiten dugun guztia gordetzea, egun bakar batean milaka argazki egiten ditugu. Egiten dugun guztia partekatu egiten dugu. Agian, etorkizun hurbil batean, iraganaren informazio asko izango dugu. Bitartean, saiatu gaitezen gure historia ez ahazten.