Santiago Sierra artistaren 24 argazki hormatik kenduarazi dizkiote Helga de Alvear galeristari. Argazkietan Espainiar Estatuko preso politikoen erretratu pixelatuak azaltzen dira. Zeresana ematen du honek, izan ere, adierazpen askatasuna gero eta mugatuago dute artistek estatu honetan. Pentsatzen duzuna abesti batean azaltzea, liburu berri bat iragartzea, pertsona batzuen erretratuak ikusgai jartzea, eta abar arriskuko zerbait bilakatu da. Baina ze garaitan bizi gara? Artea beti izan da artistaren barrenak astindu eta publikoki azaltzeko bidea; hitzez esan ezin daitekeena adierazi du arteak. Hainbat funtzio izan ditu arteak historian: errituala, erlijioa azaltzea, propaganda egitea, edertasuna plazaratzea, sentimenduak adieraztea... Hori mugatu nahi izan dutenak existitu izan dira, baina egungo errealitatera ekartzea zaila egiten zaigu, askatasunik ez izatea ez dugulako onartzen, gauza potoloa delako adierazpen askatasunik ez dugula jakitea. Dena den, onartu behar zaie askatasunaren mugatzaile horiei, sortutako iskanbilari esker arteari buruz berba egin dela. ARCOri buruz mintzatu dira lehenbizikoz batzuk, Santiago Serra izena Googlen bilatu dute hainbatek... agian ez dute uste bezainbeste zentsuratzen, agian kontrakoa lortu dute.