Sormena, zertarako?

Sormenean murgilduta ibili gara azken egun hauetan. Durangoko Liburu eta Disko Azokak argi utzi digu sormenaren lurraldea garela. Denok harrotasunez hartu ditugu hitz horiek eta kultura  indartu gura izan dugu, bere parte sentituz. Musika, antzerkia, argazkigintza, literatura, filosofia eta halako hitzez bete dugu gure ahoa egun hauetan.

Errealitatea bestelakoa da. Izan ere, sormenari ematen zaion benetako garrantzia beste bat da. Ikastetxeetako hezkuntzatik, hau da oinarritik, hasita. Azken urteetan sormenaren eta kritikaren kontrako apustua egin da hezkuntzako curriculumetan. Artearen Historia, plastika, musika eta filosofia ikasgaiak, besteak beste, hautazkoak bihurtu dira. Zertarako balio dute, ba? Ez dugu denborarik eman beharrekoa emateko, eta horrelako gaiak denbora galtzea dira! Horrelako astakeriak defendatu dira. Baina zer da pertsona bat sormenik eta kritikarik gabe? Pertsona huts bat. Izan ere, sormena da gizakiaren naturaren, bere adimenaren eta bere zirraren funtsezko ezaugarria. Horrez gain autokritika egiteko aukera ematen du, nahi duguna, pentsatzen duguna, sentitzen duguna azaltzeko aukera. Baina honen beldur dira batzuk. Pertsona guztiok gure sormen ahalmena erabiliko bagenu, gure kritika zorrotzarekin hartuko bagenitu gure erabakiak beste mota bateko gizartea eratuko genukeelako. Sormena lantzea garrantzitsua da. Ikusten dugu eskoletan ez dela horrelakorik egiten, beraz, ez dezagun aukerarik galdu; bultzatu artea, kultura, filosofia, musika … Azokara joanez, musika eginez, antzeztuz, museoak bisitatuz. Gure buruak sormenez elikatuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!