Aspaldian itxita egon den eta hainbat gora-behera izan dituen parke honek gaurtik aurrera ateak zabalik izango ditu bertaratu nahi duen edozein durangarrentzat edo kanpotarrentzat.
Sinplea badirudi ere, parkea eta Museoa bera inguratzen duen harresia kentzea ez da hain gauza erraza izan. Iritzi desberdinak egon dira, eta hori horrela izan behar da.
Salaketa bat ere izan dugu, Bilboko arkitekto baten ustez eraikuntzaren “prefatxada” barrokoa kentzea astakeria baita. Nire ustez, hori esateak historiari buruz gehiegi ez jakitea adierazten du, izan ere, jauregi barrokoak ez zuen inoiz harresirik izan. Gaur egungoa XX. mendeko harresi moderno bat da. Aldundiak ere onartu egin du harresia kentzea, historikoki balio garrantzitsurik ez duelako.
Beste batzuen ustez parkea zabalik egotea arriskutsua izan daiteke. Arriskutsua? Noren arabera da hori horrela? Arriskutsuak pertsonak gara, ez ateak zabalik dituen parke bat. Parkeak bizia emango digu, eta hainbat gauza egin ahal ditugu bertan: paseatu, irakurri, jolastu, norbaitekin geratu, deskantsatu, naturaz gozatu... Gure esku dago dena, arriskutsua izatea ere bai. Zaintzen baldin badugu ez da arriskurik egongo. Alderantziz, parke hau durangarrentzat opari bat da, disfrutatzeko leku bat. Harro egon beharko genuke, izan ere Durangoko erdialdean txoko berde bat irabazi dugu denok.