Ametsa, gezurra eta eskerrak

1937ko urtarrilaren 7an jo zuten Picassoren Pariseko etxeko atea Josep Renau errepublikako arte ederren zuzendariak eta Lacasak —1937ko Pariseko nazioarteko erakusketako Espainiako pabilioiaren arkitektoetako bat. Erakusketarako horma-irudi bat egitea eskatu zioten bisita horretan Picassori. Baietz esan zuen, baina bost hilabetez ez zuen txintik egin.

Bere kabuz, beste zerbaitetan hasi zen, zehazki Francoren ametsa eta gezurra egiten. Akuafortea eta urtinta erabili zituen, eta komiki bat bailitzan, hainbat binetetan Francori kritika zorrotza egin zion: Franco munstro itxurarekin, zakil erraldoi batekin, emakumez jantzita, txerri baten gainean... Guztira, 18 bineta egin zituen (bi grabatu desberdinetan), baina ez zituen guztiak bete, azkenengo laurak zuriz utzi zituen.

Gernikako bonbardaketa gertatu zenean, egunkarietako argazkietan aurkitu zuen inspirazioa, eta eskatu zioten horma-irudi hori egiten hasi zen, mihise gainean. Guernica koadroa hilabete batean egin eta gero, geratzen zitzaizkion lau binetak ere bukatu zituen. Hauetan ez da Franco iraintzen, azken lau binetetan Francok piztutako gerraren ondorio latzak eta ankerrak baino ez dira ikusten: emakumeak negarrez, umeak hilik, etxeak sutan, etab.

Azken bi hilabeteotan grabatuok Durangon ikusteko aukera izan dugu, Picassoren maisulanaren aurreko eta osteko lanak, hain zuzen ere. Dudarik gabe, aukera ezin hobea izan dugu eta eskerrak eman nahi dizkizuet bertaratu zareten guztioi. Eskerrak ere hau posible egin duten pertsona guztiei. Lan gogorra izan da, eta nahi baino denbora gutxiagorekin ibili gara, baina denon artean lortu dugu; Durangon Picasso izan dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!