Durangotik bueltatxo bat ematea proposatzen dizuet. Lasai, ez da luzea izango eta.

Lehenengo, Pinondora joango gara eta Astarloaren eskultura ikusiko dugu. Gero, udaletxeko aterpeko Ama Birjinaren eskultura bisitatuko dugu, Maria de la O deitzen dioten hori, eta, azkenik, Ezkurdira helduko gara, bertan Frai Juan de Zumarragaren monumentua ikusteko. Zer ote dute hiru hauek amankomunean? Herriko ondareak direla eta oso gaizki tratatuta daudela. Apurtuta, margotuta, zikinduta… Hau ez da Durangon bakarrik gertatzen. Tamalez, herri guztietan daude iturriak apurtuta, hormak margotuta, kobazuloak zikinduta (Sarrimendiren kasuan bezala), etab.

Jendeak ez al daki gure ondarea zaindu eta errespetatu egin behar dela? Gure ondarea gure Historia da eta zaindu egin behar dugu, gure izaera ezagutu ahal izateko.

Eskerrak bestelako pertsonarik ere badagoela, gure herriko Historia zaintzen dutenak eta ikertzen jarraitzen dutenak. Memoria historikoa ikertzen duten Durangaldeko hainbat talde eta Gerediaga Elkartea, besteak beste; Erromara joan eta artxibo, liburu, orri eta letren artean orduak eman eta gero, gure Historiaren datu berriak aurkitu dituzte. Gure iraganaz gehiago jakiteko aukera izan dugu horrela, gauzak argitzeko parada. Gure ondarea zainduz gero aberatsagoak garelako, nortzuk garen ulertzen dugulako. Zeinen garrantzitsua den gure iragana ezagutzea gu geu nortzuk garen jakin ahal izateko. Horregatik, Durangaldetik txango bat egin, eta bertako ondarea hain txarto tratatuta dagoela ikusteak pena ematen dit. Zaindu egin behar dugu, gure zati bat baita

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!