“Artearen Historia ikasiko duzu? Eta horrek zertarako balio du?”, “Hori ikasita ez duzu lanik aurkituko”…

Horrelako hamaika esaldi eta iritzi entzun behar izan nituen orain dela 14 urte. Baina hori zen nire pasioa, barnetik sentitzen nuena Artea ezagutzea zen. Karrera emaitza onekin amaitu, Italian ikasi eta lan egin, masterrak, kurtsoak, hainbat urtez gora eta behera ibili eta gero azkenean lortu dut benetan desiratzen nuena. Artearen Historia ikasteagatik nire ametsetako lana daukat eta nire gogo eta indar guztiekin dena emango dut nire lana ahalik eta ondoen egiteko.

Durangoko Arte eta Historia Museoko eta Kurutzesantu Museoko arduraduna naiz orain. Batzuetan hori esanda zorabiatu ere egiten naiz, baina hau da errealitatea. Proiektu handi bat daukat esku artean.

Eta hemendik hauxe esan nahiko nieke irakurle guztiei: museoak ez dira leku itxiak, pertsona gutxi batzuentzako lekuak. Ez, museo bat bizitzeko toki bat da, ikasteko, disfrutatzeko, gure Historia, gure errealitatea ezagutzeko toki bat. Kendu beldurrak eta etorri Museora. Museoaren ateak zabalik dituzue eta zuen ahotsak, zuen takoien zaratak eta zuen umeen oihuak entzun nahi ditugu. Ideiak elkar banatzeko tokia da, zuen etxea da.

Aurreko astean zutabe honetan Jon Irazabalek esaten zuen moduan, gurea dena ezagutu behar dugu. Denon artean egin dezakegu Museoa. Kendu lotsak eta beldurrak eta Museoa bizi ezazue. Zuena da, beste inorena ez.

Museoan elkar ikusiko dugu!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!