Aste Santuko oporrak amaitzekotan daudenez, heldu da errutina batzuei berriz ekiteko garaia. Oporrak direla eta, ligan eta entrenamenduetan etena eduki dugu. Jaiegunak heldu aurreko azken partiduan, egun hauetan, nor bere aldetik saiatuz, geldirik egongo ez ginen promesa egin genuen. “Inoiz baino denbora libre gehiago daukat, beraz, egunero irtengo naiz korrika egitera”, edo “lagunekin mendira joateko aprobetxatuko dut” bezalakoak esanez.
Baina oporrak hasi ziren eta konturatu orduko bi-hiru egun igaro ziren burutik pasatu ere egin gabe korrika egiten irteteko asmorik. Hurrengo egunetan egindako promesez gogoratzen zara, eta ariketa fisikoa egiteko plana egiten duzu. Hurrengo goizean ziur irtengo zarela esaten diozu zure buruari, hori bai, iratzargailua jarri barik, opor egunak, opor egunak dira eta. Hurrengo egunean begiak zabaldu orduko goiz erdia igaro da. Bart gauean hain berandura arte geratu ez banintz… asmoa bazkaldu eta gerorako uzten duzu, baina bazkalostean beti dago zerbait egiteko.
Entrenamenduetara itzuli eta lehenengo korrikaldian igarri ohi da nor egon den geldi eta nor ez. Orduan gogoratzen zara nebaren urtebetetzea dela-eta otorduan egindako homenajetxuaz, asteburuko juergaz edo egin ez duzun ariketa fisikoaz eta hurrengorako ikasi duzula pentsatzen duzu, baina…