Urteak joan, urteak etorri, gizartean gauzak aldatuz doazela inork ez du dudan jartzen, horien artean janzteko moda. Adibidez, pentsaezina zaigu gure gurasoek gaztetan janzten zuten arropa egun geuk eroatea. Aldaketa kirol jantzi eta osagarrietan ere gertatu da.
Orain dela urte batzuk igerilariek eramaten zituzten bainujantzi txiki haiek ia gorputz osoa estaltzen duten eta material ultrarinez eginiko jantziez ordezkatu dira. Futbolariek praka labur-laburrak ia aldaketaraino igota jolasten zuten garaiak jendearen memorian eta zuri-beltzeko argazkietan bakarrik geratzen dira jada. Atezainek eurek, orain dela urte batzuk ekipazio beltzera kondenatuak, diseinu askotariko koloretako elastiko eta jertseak darabiltzate.
Nork imajinatuko luke, adibidez, gure Txopoa gaur egun beste atezain batzuek erabiltzen dituzten elastiko arrosaz jantzita. Teknologia eta material berriek dakartzaten hobekuntza eta erosotasunak eta gaur egun itxurari ematen zaion garrantziak kirol arroparen merkatu zabala ekarri du. Geuk ere, beharbada telebistan ikusten ditugun izarren eta publizitatearen eraginez, zelaira irtetean gehiago edo gutxiago gure itxura zaintzen dugu. Kamiseta praken kanpotik edo barrutik eraman, zer bota erosi, ilea batuta edo solte eraman… Garaiak aldatuz doaz ,eta garai berrietara egokitzen gara. Hori bai, kalean zein zelaian gure itxurak beti erakusten ditu gure izaeraren ttanttakak.