Astean zeharreko entrenamenduetan zapatu arratsaldea iritsi eta partidua jolasteko ilusioz egoten gara, eta, behin lehian gaudela, irabazteko gogoz, noski. Gure taldea sailkapenaren erdialdean dago, horregatik, irabazitako eta galdutako norgehiagokak parra daramatzagu momentuz.
Irabazten dugunean, irribarre handi bat aurpegian bueltatzen gara etxera, eta hurrengo partidua jokatzeko gogo biziz egoten gara. Konfiantzaz beteta, aurkaria edozein delarik ere, irabaziko dugulako duda izpirik ez da egoten orduan. Baina, badira boladak taldekide batzuen lesioak direla eta, ate aurrean asmatu ezina dela eta, edo, beste barik, aurkako taldeak itzelezko errepasoa emanda, hiruzpalau partidu jarraian galtzen edo, behintzat, irabazi ezinik ematen ditugunak. Halako garaietan aldagelako giroa epelagoa izaten da, eta nagituago sentitzen gara Larrakorako aldapa hartuta asteroko errutina betetzeko, zaletasuna betebeharra bihurtuko balitzaigu bezala. Baina, zorionez, aldageletan beti egon ohi da lagunen bat, emaitza dena delakoa izanda ere, irribarre zabal batekin etorri, eta, 5 eta 1 galdutako partiduari buruz broma bat eginda, taldeko hurrengo afaria antolatzen hasten dena. Horrela, gogorarazten digu gure kategorian, irabazi nahiz galdu, hobeto edo txartoago jokatu, Larrakora futbolean jolastea gustatzen zaigulako joaten garela. Futbolean, bizitzako arlo guztietan bezala, gauzak baikortasunez eta umorez hartuta aurkako egoerei buelta errazago ematen zaiela.