Dakizuenez, bizikleta utzi eta lanean (nutrizio kontuetan) hasi eta gero, asteburuak libre genituela-eta, neska gazteekin lasterketetara joaten hasi ginen, nire esperientziatik abiatuta, eurei laguntzen eta erakusten. Baina orain dela urte eta erdi, Carlotta alaba etorri zen gure mundura eta denbora guztia berarentzat hartu genuen, oso alaba desiratua baitzen! Baina, beti… zeozer faltan.
Beraz, aurten proiektu berri bat eraiki dugu, Humbertok eta biok Iñigo Cuestagaz batera. Txirrindularitza munduan, beste ikuspuntu eta beste diziplina bat eraiki nahi genuen, bai txirrindulariei eurei dagokienez eta baita taldeen ikuspuntu profesionaletik ere, baina benetako ikuspuntu profesionaletik. Hau da, taldeko neskek benetako laguntzak eduki zitzatela, txirrindularitza modu serioan egiteko. Hori baita hemen falta dena, seriotasuna.
Urte biko epealdia jomuga moduan jarri eta lanean hasi ginen. Udan oso albiste onak eduki genituen eta Leoneko Udalaren eta beste babesle batzuen eskutik, 2019rako taldea egiteko eskatu ziguten. Harrezkero jo eta ke gabiltza lanean. Izan ere, talde profesionalak Leonen edukiko du egoitza, baina oinarri guztia (gaztetxoak, 10-19 urte artekoak), Euskal Herrian izango da. Azkenean, talde eta babesleen interesa ikusi eta aurrera jotzea aukeratu dugu. Momentuz, hori bakarrik esan dezaket. Oraindik lan asko dago egiteko! Argi dago proiektu hau 4 urterako dela eta lortuko dugula emakumezkoen txirrindularitza desberdin bat edukitzea. Beharra baitago.