Nola joaten den denbora! Dagoeneko urtebete da bai Iñaki, bai Jaime joan zitzaizkigula. Zenbat lagun geratu diren bide ertzean. Bai, eraman ohi dugun bizimoduak ez digu uzten ikusten egunak nola joaten eta etortzen diren, eta nola gure pentsamenduak eguneroko eginbeharretan bakarrik zentratzen ditugun.
Baina urtebete joanda, geratu al gara pentsatzen ia zer edo zer aldatu den? Zergatik ditugun oraindik hainbeste lore bide ertzetan? Nik bidean kilometro asko egiten ditut, baina orain autoz. Lehen, bizikleta gainean dena ikusten zen desberdin. Sarritan konturatzen naiz ni neu ere, autoan joan, eta mila gauza ditugula buruan, ez ditugula kontuan izaten bizikletan edo oinez doazenak. Alde guztietara presarekin beti, hainbeste ardurarekin beti... Eta gure helmugara sasoiz eta orduan iristea bakarrik ardura zaigu. Errepidean dabilenari kasu gutxi egiten diogu, eta ematen du bidean gu bakarrik gabiltzala. Autoan seguru sentitzen gara, baina jakin ezazue, errepidean doazen horiek, gaur, bihar edo etzi gu geu izan gaitezkeela, edo gure senideak. Ikasi behar dugu errepidean denok elkarrekin ibiltzen, garrantzitsuak diren seinale guztiak errespetatzen. Errepidea denontzako da.
Erakundeetan, ikastetxeetan eta autoeskoletan erakutsi beharko litzateke errespetu hori. Bizikidetza sustatu behar dugu, egunkarietan beti “txirrindulari bat hil da” edo antzekoak ez irakurtzeko. Beraz, begiak zabaldu, eta bihotzarekin pentsatu. Horrelako gertaerekin jende askok sufritzen du.