Profesional ibilbidea utzi nuenetik, azkeneko hilabeteetan, berriro hasi naiz kirolarekin harremanetan, eta tristea den kontu bat darabilt buruan.
Umeek kirola egiten dute osasunerako ona delako, lehiaketa bat delako, edo gustura dabiltzalako lagunekin? Hainbat ikuspuntu atera ditut. Esaterako, ume batek Llorentek moduan jokatu nahi du, edo bere fama eduki? Eta bere gurasoek kontu korrontea ere bai? Eta entrenatzaile batek, txapeldun bat bakarrik? Galdera gaiztoak dira, baina oso errealistak.
Umeei ezin dakieke ilusioa kendu kirol horretan onak ez direlako, edo ez dutelako maila ematen. Horrela hasten dira umeen lehenengo arazo serioak, autoestimari, itxura fisikoari zein elikadurari dagozkienak. Ez gara konturatzen taldean egiten diren mespretxuak bertan gelditzen direla betirako. Gaztea nintzenean igaro nituen nik, eta orain berriz berdina ikusten nabil. Umeei, hasteko, kirola osasunerako zein harremanak sendotzeko ona dela erakutsi behar zaie. 14 urteko zenbat txapeldun ezagutu ditut orain non dabiltzan ere ez dakidanak?
Umeak, ume dira. Desberdindu ditzagun jolasa eta lehia. Mundua benetan zelakoa den ikusteko badituzte urteak aurretik. Utzi diezaiegun umeei euren errealitate birtualean jolasten, presiorik gabe, gero ere etorriko dira-eta momentu horiek!