Bai, seguruenik dagoeneko nazkatuta gaude berba honekin. Lanik ez dagoela, aurpegi ilunak, hipotekak, urduritasunak, sasoi bateko bizimodua ezin bizi, desesperazioa, bai! Eta hori ez da txarrena, telebista ‘zoragarri’ honetan, politikari guztien usteleriak, dirua desbideratzeak, horrek eraman gaitu hitz famatu honen heinera. Baina lasai, denek egiten dutenez, "normala" da-eta! Hau dau hau panorama!
Beraz, imajinatu kirolean daukan eragina. Orain arte, Aldundiak zein udalerriek beti lagundu izan diete kirol arloko talde ia guztiei... Baina orain, “mozketak” direla eta ez direla, ez dago dirurik. Talde asko kolokan daude. Bertan daukagu Euskadi taldea, 14 gazteren ilusioa aurrera eramaten saiatzen... Baita saskibaloiko taldeak ere. Eta zer esanik ez nesken taldeei buruz mintzo bagara, ezin mutilen soldatetara iritsi. Asko desagertzen ari dira, eta daudenak ezin dute lasterketarik korritu edo kanpora joan behar dira diru faltagatik. Beti esan izan da, bai harro, euskalduna izanda kirola beti zainetan eraman dugula, baina orain zer?
Galdera edo gogoeta bat botako dut: zer nahiko zenukete zuen seme-alabentzako, kirolarekin pertsonalitatea, bizitzaren balioak eta euren ilusioak aurrera eramatea, edo ustel bihurtzea (telebistan ikusten den moduan), drogan edo alkoholaren menpean sartzea?
Argi daukat, gaur egun kirolariok dauzkagun balioak ez dira kalean aurkitzen.