Zer edukiko dute Euskal Herriko mendiek, urtetik urtera gure Emakumeen Bira gogorrago egiteko. Mendiak gora eta mendiak behera, itsaso aldetik eta berriz mendira, bide estu guztietatik, gure Euskal Herri maitearen alderdi zoragarri guztiak ezagutzeko prest.
Bai, ekainean izango da berriro,eta orain dela 16 urte bezala, errepidera joango naiz, neska eta lagun guztiei oihu batzuk egitera! Seguruenik inbidia apur bat pasako dut, nahiz eta ‘eskalatzaileak’ ez garenok asko sufritu izan dugun malda hauetan gora. Betiko lez, gure Agustinek igoera gogorragoak eta errepide berriak sartu ditu, ikuskizunaren bila, nahiz eta kabreo txikiak hartu, Birako egun berdinetan Ameriketan beste karrera batzuk jarri dituztelako.
Baina hala eta guztiz ere, “onenak” hona etorriko direna ziur nago, (munduko karrera guztiak lehiatu ditut, eta azkenean, berton, etxean, aurkitu dut antolakuntza mailarik onena, eta zaleen berotasuna gehien sentitzen den lekua ere bada) eta euren onena ematera eta maillot hori desiratuaren gosez etorriko dira. Krisiari lepoa emanez eta irribarrez, berriro Agustinek lana egiteko gogoa hartuko duelakoan nago. Ez baita erraza, munduko onenak ekarri eta karrera eder hau antolatzea! Beraz, espero dut,kirola maite dugunok, berton egongo garela ikuskizunaren zain!