Aitormena

Erabiltzailearen aurpegia Endika Blanco (Ikaslea) 2013ko ira. 20a, 08:30
Beti izan zaitut bizilagun eta lagun. Baso bete ur eskatzera lehenago zuregana hurbiltzen ziren haurrak gero nire txorrotatik edaten hasi zirela-eta jeloskor samar sentitu zintudan hasieran. Gerora, baina, zure biltegiko ziri luzeei esker beste inork baino hobeto zaindu nauzue. Hurbileko erlazio bizi gehientsuenak lez maitasun-gorroto harremana geurea ere. Guztiarekin ere, zurekiko dudan sentipenik argiena miresmena dela aitortu beharra daukat

\"\"Beti izan zaitut bizilagun eta lagun. Baso bete ur eskatzera lehenago zuregana hurbiltzen ziren haurrak gero nire txorrotatik edaten hasi zirela-eta jeloskor samar sentitu zintudan hasieran. Gerora, baina, zure biltegiko ziri luzeei esker beste inork baino hobeto zaindu nauzue. Hurbileko erlazio bizi gehientsuenak lez maitasun-gorroto harremana geurea ere. Guztiarekin ere, zurekiko dudan sentipenik argiena miresmena dela aitortu beharra daukat.

 

Entzuna daukat, aspaldi, lur jota erortzear zeundela Bautista Uribe eta beste hainbat ameslari borrokalarik jaso zintuztela. Eta harrezkero herriko harribitxi bihurtu zara. Harrezkero beharra izen duten talde eta pertsonek non bildua izan dute; Durango eta Euskal Herri justuago baten alde lanean dihardutenen babesleku zara. Baina, horrexegatik, hain zuzen, askotariko polizia ugari ezagutu behar izan duzu, eta behin baino gehiagotan miatu zaituzte.

 

Orain ere, bake garaian omen gauden honetan, epaile espainol tortura-eragileen jomugan jarraitzen duzu, eta urte luzeetan zure ardura eduki dutenei Madrilera joateko deia iritsi zaie. Guztira 76 izango dira urritik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalak epaituko dituen Euskal herritarrak; Herriko Tabernekin lotuta batzuk eta Segiko kide izateagatik besteak. Jakin ezazu iturri ingurura hurbiltzen diren guztiak animatuko ditugula epaiketen bidez gatazka betikotzeko duten asmoei aurre egitera: elkartasunetik konpromisora!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!