Aste honen hasieran Bilbon jazotakoaren gainean idazteko beharrizana sentitu dut gaurkoan. Jakina, ez naiz egunotan premia hori izan duen bakarra. Besteak beste, Idurre Eskisabelek hausnarketa interesgarri bat argitaratu du Berrian, emakumeen aurkako erasoetan jendarteak duen arduraren inguruan. Honela hasten du bere artikulua: "Badute zerbait liluragarria munstroek. Lagun psikologoak dio geure joera ezkutuenen oihartzuna dakarkigutelako dela". Ezer gutxi esango dizue honek, ezta? Ea aurrerago.
Gutxienez emakume bi hil dituen Juan Carlos Aguilar munstroak izu eta gaitzespen adierazpen ugari sorrarazi ditu nahinon. Batzuk, hedabide nagusiek batez ere, hiltzailearen izaera bitxia nabarmenduz, eta egindakoa egiteko izan dituen arrazoiak bilatzen tematuz, jazotakoa munstro batek gauzatutako ankerkeria isolatu bat izan dela iradoki dute. Nire ustez, ostera, gertatutakoa bizi garen gizarte matxista honetan errotuta dagoen genero indarkeriarekin lotutako beste krimen sexista bat gehiago da.
Eta gainera, genero indarkeria oro ez al dira munstrokeriak? Beraz, Aguilar delakoa ez da, nire iritziz, gizaki itxurako munstro bakarra, lasai-lasai diruditen erasotzaile ugari baitago kalean libre. Eta, oro har, erasotzaileekiko dugun tolerantzia ere ez al da munstrokeria? Munstroekin dugun jarrera adeitsuak ez al gaitu munstro bihurtzen? Azkenean, beharbada, arrazoi izango du Eskisabelek ondokoa dioenean: “Bai, badute zerbait liluragarria munstroek: geu garen munstrotik salbuesten gaituztelako, ziurrenik”.