Su hartzeraino korapilatu zituen Amets Arzallusek hitzak Itsasun. Aberri Egunaren bezperan, Enbataren 50. urteurrenaren ospakizunean, abertzaleon inkoherentzia linguistikoa salatu zuen, bat baino gehiagoren belarriak gorituz. Bere berba beroen oihartzunak oporretan zegoen nire kontzientzia ere astinarazi zuen.
Bat nator hendaiarrarekin abertzaleok ez dugula beti euskararen gaia serioski hartu dioenean; are gehiago, gure hizkuntzarekiko ezaxola hori euskararen alde dihardutenen lana oztopatzeraino iritsi da, nire ustez. Baina, euskararik gabe Euskal Herririk ezin dela eraiki benetan barneratu eta, gutxienez, abertzaletasunaren parean euskalduntasuna jartzea dagokigu burujabetza aldarrikatzen dugunoi.
Gainera, erdaldunekin ditugun ustezko errespetuzko jokabide sumisoek ezinezko egiten digute euskaraz bizitzea. Apartheid garaian, Bahama uharteetan bertako beltzek zuriekin gurutzatzean egiten zuten bezalatsu, euskaldun gehientsuenok erdaldunekin topo egitean, espaloitik jaitsi eta errepidera egiten dugu salto, euskara amildegira daraman erdararen errepidera. Pailazoek ere badakite edukazio gehiegizkoak galbidera eraman ditzakeela hizkuntza gutxituak.
Beraz, ez al da 7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun ekuazioarekin apurtzeko garaia? Ez al da euskararen alde egotetik euskararen alde egitera igarotzeko garaia? Apirilaren 13an, Agoitzen, Euskal Herrian Euskaraz-ek ospatuko duen Euskaraz Bizi Egunean daukagu euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko aukera!