Gazte baten eldarnioa?

Lau hortzarekin lantzeko gaia aukeratzeko edukitzen ditut burukominak normalean. Gaurkoan ostera, lau hortza hartu edo ez, idatzi edo ez, izan da nire zalantza. Zalantza existentziala ia. Izan ere, gaur zortzi, abenduaren 21ean, maien egutegiaren amaierarekin batera pikutara joango omen da ezagutzen dugun mundua

\"\"Lau hortzarekin lantzeko gaia aukeratzeko edukitzen ditut burukominak normalean. Gaurkoan ostera, lau hortza hartu edo ez, idatzi edo ez, izan da nire zalantza. Zalantza existentziala ia. Izan ere, gaur zortzi, abenduaren 21ean, maien egutegiaren amaierarekin batera pikutara joango omen da ezagutzen dugun mundua.

 

Ziklo handi baten amaiera izango da, eta lurrak eta bertako gizakiok erabateko aldaketa fisiko eta espirituala jasango dugu. Egia esan, lehenago ez nuen horrelako istorioetan sinesten, baina orain ez dakit zer pentsatu. Pentsatuko ote du akaso Leitzako Tomaxi txerriak ezkurrez lepo jarri ostean Santo Tomas eguna bere azkena izango denik?

 

Ezusteko txiki ugari ekarriko lituzke ustezko gertakari ustel handi honek. Nork esango luke egun osoa pantailetara begira bizi garen modernoon azken eguna izarretara begira bizi ziren ezjakinek igarriko zutenik? Nork esango luke hainbeste “egin” esaten dituen Urkullu horren ametsa horren bizkor desegingo zenik? Nork esango luke euskara eta Fidel mundua hil arte biziko zirenik?

 

Aste betean gauza ugari egin litezke. Erradikalenek amaiera ospatuz emango dute azken arnasa. Supereroien batek agian amaiera saihestu guran emango du azken hatsa. Pentsakorrenek zer egin pentsatuz pasako dute astea. Eta lotsatienek askotan sentitu eta pentsatu duten hori egin eta esateari ekingo diote. Baina, gertatzen dena gertatzen dela, gogoratu, norbere mundua norberarekin lokartzen denez gauero, itzarrarazi beharra dagoela egunero.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!