Jaio berritan itzalpean bizitzera kondenatu zintuzten. Eta itzalpean bizitzeagatik kondenatu gero. Ad hoc egindako legeen laguntzaz legez kanporatu zintuzten. Eta terrorista izendatu beranduago. Itzela da itzala, itzalpetik kanpo ere bizitzeko aukera duenarentzat. Latza, ostera, hautatu gabeko une oroko itzala. Neurri batean klandestino izan beharra, ez da destino ederra.
Iluntasuna iluntasun, eta hezetasuna hezetasun, gure gazte belaunaldiaren borrokarako euskarria izan zara, goroldiorik gabeko euskarria. Hamaika gara proiektu politiko bat ortzemugan, zure ondoan hazi eta hezi garen gazteak. Hamaika beldur, lotsa eta negarrak irribarre kementsu bilakatzen ikasi dugunak. Hamaika sortzen, antolatzen, maitatzen eta ikasten ikasi dugunak. Hamaika gara Ibaizabalera begiratu beharra eduki barik, sei ezkailuk amuarrain bakarrak baino begi gehiago dituela akordatzen garenak.
Orain higatu eta hezeegi bide zaude, eta bidetik atera behar, behin eta berriro laban egin ez eta aurrera egin ahal izan dezagun. Aste honetan irakurri dudan berba multzo polit batek dioen legez “Ardoa edateko da. Bizitza bizitzeko. Eta bide bat, ibiltzeko”. Eta jakin ezazu, zure izarrak argitutako bidea ibiltzen segituko dugula, Anbotoko haitzak beste higatu eta merezi dugun askatasuna lortu arte.