Eguraldi eta giro bikainak lagunduta, joan den larunbatean dozenaka gonbidatu hurbildu zen Elorrioko Txintxirri Ikastolara. Ikastolen Elkarteko eta Bizkaiko beste Ikastoletako ordezkaritzaz gain, Elorrioko alderdi politiko eta elkarteen ordezkariak ere hurbildu ziren ekitaldira. Ikastolako familiek ere ezinbestean hartu behar zuten parte honelako ekitaldi batean. Umeek, bereziki, irrikaz sartu ziren lehenengoz, aurrerantzean beraien bigarren etxea izango den eraikineako txoko eta zirrikituak ezagutzera.
Material naturalak, argitasuna eta espazioen arteko komunikazioa dira sartu eta berehala somatzen ditugun ezaugarri nagusiak. Ahinitze Errasti arkitektuak ekitaldian azaldutako moduan, adin horretako umeen ezaugarri eta garapenari begira diseinatutako eraikina da. "Arkitektura pedagogiaren zerbitzura" jarri omen dute eraikin hau diseinatzeko orduan, irakasle eta gurasoekin batera egindako prozesu luzean.
Inguruko berdegune eta jolastokiekin lotura zuzena bermatzeaz gain, adin horretako umeek ingurua behatzeko eta espazio berriak esploratzeko duten beharrari begirako diseinua da nagusi ia osorik egurrez egindako eraikin honetan.
Nora Aizpitarte Ikastolako lehendakariak Ikastolaren ibilbidea eta gainditutako erronkak ekarri zituen gogora ekitaldian eta Elorrioko Udaleko alkateak ere, Idoia Buruagak (EHBildu) ere hitz batzuk esan zituen Ikastolak urte hauetan guztietan egindako ekarpenak goraipatuz.