1Salomonen kantarik ederrena.
Maitasuna ospatuz
Emakumeak
2Eman biezat musu, bere ezpainez musu!
Zure maite-laztanak ardoa baino gozoago,
3zure ukenduen usaina lurrin guztiak baino gozoago!
Zu zeu zara ukendu lurrintsu!
Horregatik zaizkizu neskatxak maitemindu!
4Har nazazu zeurekin, goazen bizkor;
eraman nazazu zeure logelara, ene errege.
Goza gaitezen, poztu zuregatik:
zure maite-laztanak ardoa baino gozoago!
Arrazoiz zaizkizu neskatxak maitemindu!
Mahastizaina eta artzaina
Emakumeak
5Beltzarana naiz, baina ederra, oi Jerusalemgo neskatxok;
beduinoen oihal-etxolak bezain beltzaran,
Salomonen jauregiko errezelak bezain eder.
6Ez begira nire azal ilunari,
eguzkiak bainau kiskali:
neure anaiek, nirekin haserre,
mahastiak zaintzen jarri naute.
Eta neure mahastia utzi dut zaindu gabe!
7Esadazu, ene bihotzeko kutuna,
non duzun larratzen artaldea,
non abaroan uzten eguerdian.
Ez nadin isil-gorderik ibil,
zure lagunen artaldeen atzetik.
Gizasemeak
8Ez badakizu, oi emakumerik ederren,
zoaz ardien oinatzen ondoren
eta larratu zeure antxumeak
artzainen txabola ondoan.
Nire nardoari usain gozoa dario
Gizasemeak
9Ene laztana,
errege-karroza daraman behorra dirudizu.
10Zein politak zure bi masailak,
belarritako horiekin!
Zein polita zure lepoa,
urrezko katea horiekin!
11Urrezko belarritakoak egingo dizkizugu,
zilarrez tarteka apainduak.
Emakumeak
12Ene erregea etzanik dagoela,
nire nardoari usain gozoa dario.
13Ene maitea niretzat mirra-zorrotxoa:
nire bularren artean ematen du gaua.
14Ene maitea niretzat xuandor-lore-sorta,
En-Gediko mahastietan hazia.
Gizasemeak
15Bai ederra zarela, ene laztana, bai ederra!
Zure begiak uso bi!
Emakumeak
16Zu bai ederra, ene maitea, bai zoragarria!
Belardia da gure ohe,
17zedroak gure etxe-habe,
nekostak etxe-gain.
Elizen Arteko Biblia (EAB) Biblia en Euskara, Traducción Interconfesional) Copyright © Sociedad Bíblica de España, 2008 Utilizada con permiso