Asteazkenean izango dira 18:30ean euskaraz eta 19:30ean, gazteleraz..

Ertibil: bisita gidatuak

Erabiltzailearen aurpegia Elorrioko AB 2019ko ira. 23a, 08:16

Bisita gidatuak

Bisita gidatu bi antolatu ditu Elorrioko Udalak irailaren 25rako. Natalia Suárez-ek (erakusketan lan bat duen artistetako batek) euskarazko bisita gidatuko du 18:30ean eta gaztelerazkoa 19:30ean. Ez da beharrezkoa izena ematea.

ERTIBIL 2019

 

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu duen erakusketa ibiltariaren 37. edizio honetan 83 artistek hartu dute parte espezialitate guztietako 113 lanekin. Horien artetik, 18 artisten 18 obra aukeratu dira erakusketa osatzeko.

 

2019ko ERTIBIL BIZKAIAn saritutako artistak honako hauek izan dira: Juan Pablo Ordúñez -MawatreS, Borja Gómez Diez eta Izaro Ieregi. Horiez gain, Raisa Álava, Ana Arsuaga, María Benito Píriz, Mar de Dios, Andoni de la Cruz, Urotz Deusto Iturregi, Iván Gómez, Gómez Selva, Estibaliz Gutiérrez, Eztizen de la Cruz, Saray Pérez Castilla, Ander Sagastiberri Fernández, Natalia Suarez Ortiz de Zarate, Diego Vivanco eta Imanol Zubiauzek ere beren obrak erakutsiko dituzte.

 

Gainera, bigarren urtez jarraian, ERTIBILek Japonian bi hilabeteko egoitza artistikoa egiteko aukera eskainiko die hiru irabazleei. Horren bidez, lehiaketaren nazioarteko hedapena bilatu nahi da, kulturen arteko komunikazioaren eta hartu-emanaren esperientziarekin batera.

Epaimahaia honako profesional hauek osatu dute: Eztizen Esesumaga Salsidua, Rekalde Aretoko; Arantza Lauzirika Morea, EHUko Arte Ederretako Fakultatekoa; Maria Muriedas Diaz, 2018ko Ertibileko artista irabazlea eta Mikel Onandia Garate EHUko Artearen Historiako irakaslea eta ekitaldirako editaturiko liburuko testuen autorea.

 

1983ko lehenengo ediziotik hona, ERTIBILek beren sorkuntza-lana Bizkaian garatzen duten artista hasiberriak laguntzea eta bultzatzea du helburua.

Ertibil Elorrion

Ertibil Elorriora heldu da Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Elorrioko Udalaren lankidetzaren ondorioz. Bilboko Rekalde Aretoan inauguratu zen eta udan Ean eta Balmasedan erakutsi da erakusketa hau. Iraila Elorrioko Iturri Kultur Etxean eman ondoren, Arrigorriagara joango da urrian, Eibarrera azaroan eta Getxon amaituko du urtea.

Elorrioko Udalak laugarren aldiz hurbiltzen die herritarrei Bizkaiko gazteen proposamen artistikoen erakusketa hau.

Maila honetako erakusketa bat antolatzeko behar diren baldintza guztiak betetzen ditu Iturri Kultur Etxeak eta aste honetan goizez baino ez den zabaltzen arrean, astelehenetik aurrera goizeko 9:30etik gaueko 9ak arte ordutegi jarraian egongo da zabalik astelehenetik ostiralera.

Durangaldeko artista bat Ertibilen

María Benito Píriz-ek (Durango, 1992) hiriko azken moden ildo eta estiloetan jartzen du bere arreta; besteak beste, erabilera, pertsonalitate eta sinadura jakin batzuen arrakastan oinarritzen da: Balenciaga, txandala pasarelan, Rosalía, arropa islatzailea, gelezko azazkalak edo Buffalo oinetakoak. Hala azaltzen du Mikel Onandiak erakusketarako argitaratu den katalogoan.

2014an graduatu zen EHUn arte ikasketetan. 2016an masterra egitean srtu zuen lana erakutsi zen Rekalde Aretoan. Disziplina desberdinak erabiltzen ditu elkartuta: eskultura, bideoa, audioa eta idazketa. Bizkaiko Foru Aldundiaren sorkuntza beka jaso zuen 2018an eta BilboArte beka 2017an.

Hainbat erakusketatan hartu du parte, hala nola, Guggenheim Museum Bilbao, Centro Cultural de Noain, Ertibil, Okela AMP, Fundación BilbaoArte  eta Errioxako Muestra de Arte Joven-en.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!