Etxerako lanak. Ordubeteko dokumentala dohainik gaur Iturri Kultur Etxean 19:30ean. Jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpitituluekin.
Eguneroko etxeko-lanen aurrean semearen ahalegina eta sufrimendua filmatu ditu aitak. Etxeko-lanak begiratzeak bakarrik itotzen duen gurutze bat da sortzeko grina duen mutiko geldiezin eta ameslari honentzat. Aitak ahalegin handia egiten du arazoa ulertzeko eta egunero ordubete egiten du semearekin eskolako ariketak egiten laguntzen. Egunak, asteak eta urteak igarota, ikasteko gogoak eta eskolako porrotaren mamuak tope zelan egiten duten ikusiko dugu. Aita-semearen arteko harreman estua, emozioz beteriko istorioa da eta Frantziako hezkuntza sistemaren kontraesanak umorez kontatzen dizkigu.
Ume baten inteligentzia etxeko lanak egiteko trebetasunetik abiatuta neurtzen da? Zein izan daiteke honen eragina bere autoestimuan eta gerora izango duen garapen emozionalean? Bitxi txiki bat dokumental hau, egunero denboratxo bat etxeko lanak elkarrekin egiten aita baten eta seme baten arteko loturak zelan sendotzen diren erakusten diguna.