Aurrera egiteko momentua da

Erabiltzailearen aurpegia Durangoko EH Bildu

Martin Loizatek eta Ane Abanzabalegi EH Bilduko zinegotziek iritzi artikulua bidali dute ANBOTOra. 

Hilabete igaro da Euskaraldia amaitu zenetik, hizkuntza ohiturak euskarara gerturatzeko 11 eguneko ariketa praktiko erraldoia. Gutako batzuk, agian, hasiak gara ekimen horrek gure inguruan eragin dituen ohitura-aldaketak ikusten; Beste batzuk, ordea, kontzienteago gara gure egunerokoan euskaraz bizitzeko ditugun traba eta ezintasunez.

Norbanakoen erabilera bultzatzeko dinamikez harago, euskarak eta euskal hiztunek instituzioen konpromisoa eta politika publikoen beharra dute traba hauei guztiei aurre egiteko. Izan ere, adierazle gehienek salatzen dute hizkuntzaren biziberritzearen prozesua ez dagoela osasuntsu, geldialdian dagoela.

Zentzu horretan, kezkaz bizi dugu azkenaldian Durangoko Udala euskararekiko hartzen dabilen jarrera. Legegintzaldi erdira heltzen gabiltzalarik, hainbat izan baitira azken bi urteetan Udal Gobernuak euskararen arloan eman dituen atzerapausoak.

Euskara lehenesteari utzi
2023ko Ekainean iritsi zen EAJ gobernura. Hauteskundeak EH Bilduk irabazi zituen arren, PSEren eta PPren aldeko botoei esker eskuratu zuen alkatetza Mireia Elkoroiribek (EAJ), eta ordutik bi alderdi hauen botoak bilatu ditu edozein neurri aurrera ateratzeko.

Gauzak horrela, legegintzaldia hasi eta hilabete batzuetara Udal Gobernuak Udal Araudi Organikoa (Udalaren funtzionamendua arautzen duen legea) aldatu zuen. Beste aldaketa batzuen artean, euskara “lehentasunezko hizkuntza” izatetik “gazteleraren maila berean” jartzera pasatu zen. EAJ, PSE eta PPk argudiatu zuten, aldaketa horrek ez zuela informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea ukatzen, eta nahi zuenak hala eskatu ahalko zuela. Baina Udalaren funtzionamendua nagusiki gazteleraz da (kasu batzuetan gaztelera hutsez) eta argi dago euskara lehenetsi ezean egoerak bere horretan jarraituko duela. Euskara hizkuntza gutxitua izanik, honen aldeko sustapen ekintza
positiborik gabe zaila izango baita egoerari buelta ematea. Beste modu batera esateko, eta igaro berri den Euskaraldiarekin alderaketa eginez, esan daiteke Durangoko Udalak ahobizi izateari utzi ziola “euskara lehenesteari” utzi zionean.

EH Bildutik lege aldaketa honen kontra bozkatu genuen, euskararentzat atzerapausoa izateaz gainera, alkatearen eta gobernuko kideen soldaten igoera esanguratsu bat zekarrelako. Hala ere EAJ, PSE eta PP ados jarri ziren eta legea aurrera irten zen.

Durango euskara teknikari gabe
Handik urte betera Durangoko Euskara Teknikariaren erretiroa heldu zen. Jakina zen urteetan Euskara Teknikaria izandakoa 2024ko abenduan jubilatu egingo zela, baina badirudi gobernuak ez zuela egoera aurreikusi. Kontrara, behin teknikaria jubilatuta, lanpostu hori ezabatzeko proposamena egin zuen gobernuak, Kulturgintza arloko ardura izango lukeen lanpostuagatik ordezkatuz.

EH Bildutik murrizketa hau salatu genuen, lanpostu berri horretan euskara bigarren mailako ardura litzatekeelako eta Durangon Euskara Teknikaria behar dela defenditzen dugulako. Euskararen arloak behar duena ez delako kudeatzaile profil soil bat, eragiletza eta dinamizazio lana egingo duen pertsona bat baizik. Baina, berriro, EAJ, PSE eta PP ados jarri ziren eta Euskara Teknikariaren postua amortizatu zuten.

Hala ere Gobernuko alderdien arteko noraeza eta desadostasunak bistaratu ziren azken maiatzeko osoko bilkuran, behin-behinean ardura horiek betetzeko kontratatu beharreko langilearen profilaren inguruan.

Bitartean, sei hilabete daramagu Durangon Euskara Teknikari gabe, eta badirudi egoerak luze iraungo duela.

Ardura eta konpromisoa
Publikoki Udal gobernu honek euskararekiko konpromisoa daukala baieztatzen duen arren, ekintzek kontrakoa erakusten dute. Paparrean txapa jartzen duten bitartean, Lehendakaria euskaraz hastean mahaitik altxatu eta bileratik irteten den alderdiarekin adosten dituzte gero Durangon hizkuntza politikak. Euskara ezin da alderdien orekei eusteko trukerako txanpona izan.

EH Bildun argi daukagu zeintzuk diren lehentasunak: Batetik, Udalean kalitatezko administrazio elebidunera bidean euskararen aldeko ekintza positiboak sustatzea. Bestetik, euskalduntzean, etorri berrien harreran edo kultur esparruan euskararen aldeko politika publikoak diseinatzea, sail ezberdinen arteko lankidetza bilatuz, bai, baina baita horretaz esklusiboki arduratuko den langilea mantenduz.

Legegintzaldi erdira heltzen gabiltzan honetan, euskararen normalizazioaren bidean atzerapausoak emateari utzi eta gaiari dagokion ardura eta konpromisoarekin heltzeko gonbita luzatzen diogu gobernuari. Horrela balitz, bidean aurkituko dugu elkar. Momentuak hala eskatzen baitu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!