Aldiz, onartu behar dugu, ez dugula, oraingoan, gure helburu nagusia lortu: indar politikorik bozkatuena izatea. Ildo horretatik, oso mezu argi eta zehatzarekin aurkeztu gara hauteskunde hauetara: EAJren udalgintza ereduaren aurrean gure alternatiba ezagutzera ematea, eta eredu hori oposizioan uztea. Emaitzak hor daude. Ordea, onartu beharra dago ere, aldaketaren alde gauden indarrek EAJren eredua irudikatzen duten indarren pareko , ia ia, izango garela udaletxean.
Epe laburreko helburu nagusiaren ondoan badaude, ordea, beste hamaika helburu xumeago. Baina era berean, helburu xumeago horiek etorkizunera begira oso garrantzitsutzat ditugu. Eta argi daukagu, herritik sortu zen, herriaren baitan gorpuztu den eta herritarrekin batera lanean jarraituko duen fronte zabal hau tresna baliagarria eta eraginkorra dela Durango eta Euskal Herri hobeagoa lortzeko. Horregatik, mugimendu herritar eta parte-hartzaile hau indartzen jarraitu behar dugu, udalean, eta udaletik kanpo, Durango hobeagoa eraikitzeko.
Gaurtik aurrera, epe ertain eta luzeari begira gure helburua zuen aurrean hartu genituen 201 konpromisoak gauzatzea izango da. Udalean proposatuko ditugu eta onartuak izaten saiatuko gara. Horrez gain, dinamika parte-hartzaileekin jarraituko dugu auzoetan, hauteskundeei begira hasitako kanpainari jarraipena emateko. Eskerrik asko!