Durangarrok Kutxa Bira ekimenari harrera egiteko aukera izan genuen

Pasa den astean Kutxa Birari harrera egin genion Durangarrok. Kutxan sartu genuen Durangarron ametsa, hona hemen irakurtzeko aukera:

DURANGARRON AMETSA

Lehenik eta behin zorionak eta eskerrik asko Iparra-Hegoa elkarterari ekimen zabal bezain interesgarri hau antolatzearren, izan ere, pandemia garaiotan are nabarmenago sentitu ditugu mendeetan zehar euskararen herriaren barruan inposatu zaizkigun mugak: mugez gaindi maite ditugunak ikusteko mugak; mugez gaindi batzen gaituena entzuteko mugak. Euskararen herria zatikatuta, eta herriaren euskara baztertuta. Gure berezko hizkuntzaren zaurgarritasuna aspaldian baino ageriago.

Egoera honen aurrean, durangarrok ere amets bat dugu. Euskal Herri euskalduna dugu amets. Eta ez da soilik atzoko amets, baita gaurkoa ere. Eta mugak muga, amets hau dugu jomuga. Helmuga horren bidean, Euskal Herriko biztanleon deskolonizazio beharra daukagu, euskaldun eta burujabe, mendeko hizkuntza praktika gainditu eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua egin dezagun. Bestalde, Euskal Herriaren independentzia ezinbestekoa da, euskararen lehentasunezko estatusa eraikitzeko, eta normalizazio osoa erdiesteko beharrezko duen hizkuntza politika burujabea bultzatu ahal izateko.

Gainera, euskarak euskal herritarron hizkuntza komuna izan behar du. Euskal Herria gero eta anitzagoa da, bai kulturari, bai hizkuntzari dagokienez, eta, testuinguru horretan, euskara euskal herritar guztion kohesiorako eta bizikidetzarako hizkuntza izatea sustatu beharko genuke. Hala, hizkuntzen arteko harreman-eredu berri baten alde egin beharra dago, zeinetan hizkuntza-aniztasun hori errespetatu eta zainduko den, hizkuntza komuna euskara izanik.

Durangon bertan ere, txikitasunetik Euskal Herriaren eta euskararen etorkizunean eragin dezaketen momentu erabakiorrak bizi ditugu:
Batetik, euskarak zein Durangok arnasguneak behar dituelako, besteak beste, martxoaren 14ko herri galdeketan “Bai” bozkatu eta trenbide zaharraren lursailean 500 etxetik gora aurreikusten zituen proiektu erraldoiegia gelditu genuen, eta proiektu jasangarri eta sozialago baten bidea urratzeko aukera daukagu orain. Euskarak lurra eta hiztunak behar ditu, proiektu faraonikorik ez!

Bestetik, Durangoko kafe antzokia itxi ostean, “Plateruena eta gero zer?” dinamika abian dugu, eta euskararen eta euskal kulturaren arnasgune garrantzitsu hau gure herrian berriro zabalik izatea dugu jokoan. Kultura euskaraz sortu eta jasotzeko gune hau estrategikoa da Durangalderako. Eta herritik sortu zenak herriarena izaten jarrai beza!

Amaitzeko, Euskal Herri euskalduna helburu, euskaltzaleon arteko elkarlana eta zapalduen arteko aliantzak ezinbestekoak izango dira, eta bide horretan jarraituko dugu baita Durangon ere.

Eta nonoiz nonork esan zuen bezalatsu, ez badigute amesten uzten, ez diegu lo egiten utziko, euskara baita gure territorio libre bakarra.

https://anboto.org/durango/1620235214799-bideoa-kutxa-birari-ongietorria-egin-diote-durangon

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!