Euskaraz bizitzeari ateak irekitzera goaz!

Lehenengoz Soziolinguistika Klusterrak hizkuntza-erabileraren kale-neurketa burutu ondoren badaukagu datua. Durangoko kaleetan %22,7-k euskaraz dihardu. Euskaraz hitz egiteko gaitasuna herritarren %48,9-k duela kontutan hartuta, dakitenen ia erdiak badarabilela dirudi.

Euskaltzaleon ikuspuntutik harro egoteko datua ez dela argi edukita, lan egin beharko dugu euskaldunok euskaraz bizitzeko hautua egin dezagun eta ulertzeko gai direnek euskaraz bizitzea erraz dezaten behintzat, euskara ikasteko pausua emango balute idealena izango litzatekeelarik. Horretarako euskara ikastearen doakotasuna beharrezkoa da, erakundeek badute zeregina gai honekin oraindik ere.

Haurrak eta ondoren gazteak dira euskaraz gehien egiten dutenak baina 35 urteren ostean arduratzekoa da oraindik guztiek hizkuntza gaitasuna bermatua ez edukitzea. Erraz botatzen zaie errua hauek euskara erabiltzen ez dutenean baina hainbat faktore daude erabilera urri hau gertatzeko. Ereduen hezkuntza sistemaren porrota pairatzen dugu, eskolatik ganoraz euskaldundu gabe ateratzen diren gazteak direlarik benetako kaltetuak.

Euskalduntzeak ekosistema oso bat behar du, irakasleak eta gurasoak erreferentzia nagusia izanik beraien hizkuntza praktikan eredu izan beharko lirateke eta gaur gaurkoz ez direna kasu zenbaitetan. Hezkuntza ez formalean ere, kirol ezberdinetan eta hainbat ikastarotan euskararen presentzia urria da. Gazteentzat irakasle eta entrenatzaile hauek nolako erreferentzia diren ahazten da. Helduek ere arazoak dituzte udalak eskaintzen dituen ikastaro eta kirol jardueretan euskarazko zerbitzua jasotzeko.

Nagusitzean lanbide heziketan eta unibertsitatean euskaraz ikasteko oztopo gehiago topatzea ohikoa izaten da eta lan munduan murgiltzerakoan euskararen presentzia ahulduz joaten da nabarmen. Administrazioarekin harremanetan jartzean ere, berehala antzematen da hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen direla, gurean euskara aspaldirik ofiziala izan arren.

Askok eta askok euskaraz bizitzeko asmoa eduki arren eguneroko mugek sortzen duten estres linguistikoa kontuan hartu behar da.Horregatik diogu ez dela harro egoteko egoera baina euskaldunok euskaraz bizitzeko ditugun oztopo eta faktore hauekin ez da erraza euskaraz bizi ahal izatea. Guk ekingo diogu lanari euskalgintza eta euskaltzaleekin batera datu hauek iraultzeko baina uste dugu ez dela fokua norbanakoengan soilik jarri behar. Euskalduntze prozesua integrala izan behar da eta horretarako erakundeek eta elkarteek ere neurri eraginkorrak hartu behar dituzte.

Durangoko Euskal Herrian Euskaraz

 *Neurketaren datuak: http://www.soziolinguistika.eus/files/aurkezpena_durango_2017.pdf

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!