Aurton Errigoraren sarea nabarmen sendotu da. Iaz 30 herritan planteatu zen olioaren kanpaina, aurten berriz, beste hainbat herri batuta, 52ra heldu gara. Gure eskualdea be ez da atzean geratu, ez horixe; Durango, Elorrio, Iurreta, Otxandio eta Zornotzan hainbat olio eskabide egin dira. Aste honetan egingo da olio banaketa. Durangon 55 izan dira eskaria egin duten familia eta lagunak, Iurretan 26, Elorrion 29, Otxandion 15 eta Zornotzan 60 bat. Banatu berriz 650 bat bidoi egingo dira guztira
Zorionak guztioi eta eskerrak kontsumo arduratsuaren bidea zabaltzen laguntzeagatik. Nafar hegoaldeko uzta denon ahaleginari esker ari gara sendotzen. Argi eta garbi ikusi ahal izan olioaren kanpainan: 3.000 despentsatara helerazten ari gara primerako oliba olio birjina estra, 1.600 nekazarik Erriberako olibadietan jasotako olibekin, bertoko 2 olio errotatan, ekoitzitako olioa eskutik eskura banatuz. Gaur-gaurkoz, euren merkaturatze bide nagusia Errigora da, hots, auzolana.
Aurrera begira, Errigoraren erronka kontsumo ohituren aldaketan sakontzea eta eskutik eskura egonkortu eta hedatzea izango da. Jende gehiagorengana heldu nahi dugu. Gure helburua despentsak urte guztirako beste olio eta kontserbaz betetzea baita. Horrerako ezinbestekoa dugu zure laguntza, hortaz, zure ingurukoak kontsumo arduratsuaren bidera ekartzeko saiakera egitea eskatzen dizugu.
Izan ere, kontsumo arduratsuaren bidean oraindik asko daukagu egiteko. Bide batez gogoratu 2 hilabete barru ESKUTIKeskura egitasmoaren bigarren txanda daukagula, kontserba loteen eskaintzarekin, ekintza txikiekin helburu handiak lortzen jarraitzeko. Animo
www.errigora.eus