Ametsa egia bihurtu da

Erabiltzailearen aurpegia Dani Nuñez

Gure etxe barriak zabaldu ditu ateak Iurretan: Indar Xsport Series Basque Country Fight Club. Ia hamarkada bitan Durangon egon ostean, erdigunetik kanpora ateratzeak beldur apur bat ematen zigun. Aldaketa handia zen eta ez genekien nola erantzungo zuen jendeak. Baina esan dezaket ezin pozago gaudela. Gimnasioa lepo dugu, umeetatik nagusietara. Beldurra zena ilusio eta poz bihurtu da.

Arte martzialak eta kontaktuzko kirolak maila guztietako jendearengana hurbildu gura ditugu. Horretarako, kickboxinga, K1a, Muay Thai-a, boxeoa, grapplinga, autodefentsa eta beste hainbat diziplina eskaintzen ditugu, gimnasio profesional batean. Esperientzia handiko irakasleak ditugu, tituludunak eta gure ingurukoak; gertuko tratua eta prestakuntza dira gure oinarrietako bi.

Poz berezia ematen digu, gainera, txikienen taldeak, Txikiboxek, izandako erantzunak. Taldea beteta dugu. Horrek erakusten digu badagoela belaunaldi berriak kirol hauetara hurbiltzeko gogoa. Horregatik, monitore berriak ere prestatzen ari gara: proiektua hazten jarraitzea nahi dugu eta horretarako ezinbestekoa da erreleboa lantzea. Hor jarraitzen dugu Laureano Larak eta biok ere, baina gazteei lekua utzita. Ez da atzera egitea; urte hauetan ikasitakoa partekatzeko eta beste batzuek bidea egin dezaten laguntzeko modua da.

Hamazazpi urteko bidea ez da egun batetik bestera egiten. Lan handia dago atzean, eta asko dago oraindik egiteko. Baina gaur, Iurretako gimnasioa beteta ikusita, badakigu merezi izan duela hainbesteko lanak. Eskerrik asko gurekin bide hau egiten ari zareten guztioi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!