Lehiaketa arloan, klubean hazi diren ikasleek emaitza garrantzitsuak lortu dituzte iazko urtean zehar: hiru lehen postu Euskal Herriko kickboxing rankingean, 2025eko denboraldiko klub onena, ranking orokorreko klub onena eta 2025eko Euskadiko Kickboxing Txapelketako klub onena. Lehiaketa taldearen hazkunde eta bilakaeraren adibide dira Aitor Romero garaitarra eta Dani Calvo durangarra. Azken honek debut profesionala egin zuen orain aste gutxi K1en, amateurretan ibilbide bikaina egin ondoren.
Emakumeen kirola sustatzea da gure beste lan ildoetako bat. Emakumezkoen lizentzia gehien dugun kluba gara. Ildo horretatik, emakumeentzako kickboxing ikastaro bi antolatuko ditugu Elorrion.
Hona iristea ez da erraza izan. Ia hamar urte igaro dira Indar Xsport sortu zenetik; hamarkada bat lan etengabean eta kirol honi eskainitako dedikazio osoan. Ahaztu gabe Maisu Laureano Larak eskualdean egindako ibilbide eta lan nekaezina: 40 urte baino gehiago klaseak ematen, belaunaldiak hezten eta balioak tatami barruan zein kanpoan ereiten.
Aurten klubarentzat oso garrantzitsuak izango diren proiektu eta ekimen berriak datoz, laster iragarriko ditugunak. Egon adi!