Gero eta gehiagotan ikusten dudan joera bat dago. Gazte asko —eta hain gazte ez direnak—psikologoak edo arloko profesionalek horrela gomendatuta etortzen dira kontaktu kirola probatzera. Terapia bat da sarritan. Konfiantza baxu dutelako, autoestimua falta zaielako edo beste hamaika arroizoirengatik hurreratzen dira.
Eta hor dago sekretua: kontaktu kirola ez da soilik kolpeak eta defentsak. Sendatzeko pauso bat gehiago da askorentzat. Norberari buruz ikasteko tresna da. Talde giroak eta diziplinak lagun berriak ekartzen dizkie askori, eta entrenamenduen erritmoak eguneroko arazoak biguntzen laguntzen du. Hori da gorakada honen arrazoietako bat. Bai, Kerman Lejarragak edo Ila Topuriak gure kirolei oihartzun handia eman diete, baina gaur egun gure ikasle askok ez dituzte izen horiek buruan guregana datozenean. "Nire buruarekin hobeto sentitu nahi dut", pentsatzen dute.
Kirola, edozein kirol, sanoa da arlo mentala hobetzeko, baina kontaktu kirolak badu berezitasun bat: egunetik egunerako hobekuntza norbere esfortzuan dago. Muga bat gainditzeak dakarren autoestimu dosia ez dago definitzerik; edo hobeto esanda, gaztearen alaitasunak definitzen du ondoen. Eta zelan azaldu berbekin bakardadetik lagunak izatera pasatu den gazteari begietan igartzen zaion distira?
Behin baino gehiagotan deitu didate eskerrak emanez. Emozionatu egiten nau. Gure xumetik, lan guztiak merezi duela sentitzen dut.