Durangon inoiz baino ozenago entzungo dira kontaktu-kirolaren taupadak. Eta hori gure eskualdearentzat aukera bat da: kirol diziplina hau jendarteratzeko, estereotipoak apurtzeko eta zale berriak erakartzeko aukera. Izan ere, borrokaren atzean bada isilpean egiten den lana, eta hura ulertzea funtsezkoa da kickboxingaren benetako dimentsioa ikusteko.
Batzuek uste dute kolpeak ematea dela kirol honen muina. Baina kontrakoa da egia: kontrola, diziplina eta errespetua dira oinarria. Kirol honen muina norbere burua ezagutzea eta gainditzea dira. Entrenamendu ordu luzeek gorputza zein burua hezten dituzte, eta ringean sartzen dena ez da borrokalari hutsa: lanaren, konpromisoaren eta balio jakin batzuen isla da.
Gazteentzako alternatiba osasuntsua ere bada kontaktu-kirola. Energia bideratzeko bide bat, autoestimua lantzeko esparru bat, eta, batez ere, balioetan hezteko tresna indartsua. Horregatik, kirol hau ez da soilik ikuskizun modura hartu behar; hezkuntza eta garapen pertsonalerako tresna modura ulertu behar dugu.
Ekainaren 28koa ez da egun arrunta izango Durangon. Euskal Herriko hainbat klub bertaratuko dira, baita lehiakideen senide eta lagunak ere. Jai giroko kirol ekitaldi handi bat izango da. Datozen asteetan jakinaraziko dugu informaziao gehiago: sarrerak zelan eskuratu, lehiakideak nortzuk izango diren… Ilusio handiz prestatzen gabiltzan ekimena denon gustukoa izatea espero dugu.