Boxeoari atea zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Dani Nuñez 2024ko ira. 13a, 08:52

Arte martzialak eta boxeoa maite ditugunontzako garai politak dira. Gure kirol askok, boxeo, Muay Thai, K1, BJJ (Brazilian Jiu Jutsu) eta MMA (arte martzial mistoa) modalitateek, batez ere, gorakada nabarmena izan dute azken urteetan. Kirol hauen momentu on bat bizi dugu bai Europan eta baita, geurera ekarrita, Durangaldean ere. 

Orain eskualdean arte martzialak eta borroka praktikatzeko askotariko gimnasioak daude, oso lan ona egiten duten irakasle profesionalekin eta ikasteko gogotsu dauden kirolari amateur nahiz profesionalekin. Eta kantitatea kalitatean islatzen da. Lizentzietan izan den hazkundeari lotuta dago Euskal Herriko zein Espainiar estatuko konpetizio mailan izan den gorakada. 

Niretzako, guretzako, denboraldi berria beti da ilusionagarria, baina gorago aipatu dudanarekin eta joan zen denboraldiko emaitza onekin, esan barik doa benetan gogotsu eta pilak kargatuta gaudela ikasturte berrirako. Izan ere, Euskadiko eta Espainiako txapelketetako garaipen askorekin amaitu genuen denboraldia, eta baita kickboxing eta boxeo gaubeletan eskuratutako hainbat lorpenekin ere. Dena ez da garaipena, ordea, batutako esperientzia ere hor dago: irabazi ala galdu, beti ikasten da ikasgairen bat, eta borrokaldi gogorretan errazetan baino gehiago ikasten da.

Ikasturte berriari begira, interesa duten denei tokia egitea ez da erraza. Taldeak eta ordutegiak handitu behar izan ditugu Elorrion, Berrizen eta Durangon ditugun eskoletan. Lepo gaude. 'Arazo bedeinkatua!' pentsatuko du irakurle batek baino gehiagok, eta ez zaio arrazoirik falta. Aurrerantzean ere izan dadila horixe gure buruhauste nagusia. 

Nobedade moduan, aurten Elorrioko Indar Xsport kirol taldean boxeoko Ikastaroa eskainiko dugu. Durangon igoera handia izan du boxeoak eta Elorrioko biztanleriari ere atea ireki gura diogu. Azken batean, Durangaldean betidanik egon da kirol honekiko zaletasuna. Gainera gogoratu behar da kirol olinpikoa dela boxeoa. Saioak astearteetan eta ostegunetan izango dira, 18:30ean hasita. Irail osoan ate irekien jardunaldiak egingo ditugu, interesatuek kirola eta gure klaseak ezagutu ditzaten. Hurreratu, esku zabalik hartuko zaituztegu!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!