Lehiatzearen falta sumatu arren, betidanik oso gustuko izan dut irakastea. Niretzat gozamena da ikasitakoa belaunaldi berriei irakastea eta formakuntzak ematea federazioak zein gure taldeak antolatzen dituen kickboxing, muay thai edo boxeo ikastaroetan, eta betiere Lara maisuaren ondoan. Laureano Larak 45 urte inguru daramatza karate eta kick-boxing klaseak ematen Berrizen. Hiru belaunaldi igaro dira bere eskuetatik.
Indar Xport Kirol Kluba 2007an sortu genuen Elorrion, Lauareano Lara irakasle dela, eta ni irakasle nahiz zuzendari. Txikibox, kickboxing eta K1 klaseak ematen ditugu. Aurten gure taldeko bi ikasle Ermua kicboxing eta muay thai klaseak ematen hasi dira Jator gimnasioan, eta lan ederra egiten ari dira hainbeste maite dugun kirola zabaltzen.
Laureano eta biok Durangoko Zirkin gimnasioan ere bagabiltza kickboxing, K!, muay thai eta txikibox klaseak ematen. Beste mota batzuetako ikastaroak ere baditugu gimnasioan: boxeoa, jiu-jitsu, defentsa pertsonala, Krav Maga eta MMA. Modalitate eta kirol hauek bere instruktore pertsonalak dituzte. Gimasioa goiz eta arratsaldez dago zabalik, 160 ikasle inguru daude eta euretatik portzentaje handi bat neskak dira. Betidanik izan ditugu neska asko gure taldean baina azkenengo urteetan kopurua areagotu egin da.
Urtean zehar 300 kirol lizentzia inguru ateratzen ditugu, Elorrio, Durango, Berriz eta Ermuko eskolekin batera, kasu honetan ere portzentajea altu bat emakumeena delarik, eta kategoria eta modalitate askotan Euskadiko eta nazioarteko txapeldun geratu diren kirolariak hezi ditugu. Baina emaitzaz haratago, kirol honetan sustatzen diren alderdirik garrantzitsuenak diziplina, errespetua eta balioak dira. Zoritxarrez, kirol hau kanpotik baino ezagutzen ez duenak bestelako irudi bat izan dezake. Zutabe honetatik irudi horri buelta ematen eta gure kirolaren edertasuna bistaratzen saiatuko gara.