…eta ikusi arte

Orain dela 16 urte hasitako bideari amaiera emateko momentua heldu da. Ez, ez dut politika utziko, gaur bertan Bel Pozuetari entzun diodan bezala arnasa hartzea edo isilik egotea ere politika egitea delako. Baina, bai, ordezkaritza politikoaren orrialdea pasatuko dut. Nire azken zutabe hau eskerrak emateko erabili nahi dut, ez naiz asko luzatuko, Anbotokoek ez baitidate espazio gehigarririk emango azken zutabea idazteko.

Beraz, nahi eta nahi ez egin beharreko aipamenak egiteko erabiliko dut. Lehenengo eta behin, Ionan, Eider, Marisol, Jonbi, Iker, Aritz eta Rosa, eskerrik asko, azken lau urte hauetan herri honek behar zuen ezkerreko abertzaleen esparru politikoari forma emateagatik Durangon. Siglak eta jatorriak kontuan hartu barik, aurrera begira jarri garelako, Durango herritarrekin batera eraiki daitekeela demostratu dugulako, eta ez interes politiko partikularrei lehentasuna emanez. Gure eztabaida eta diferentzia guztiekin, zintzotasunez eta harrotasunez, gobernatzea merezi zuen lantaldea osatu dugula uste dudalako. Aniztasuna eta elkarlana direlako EH Bilduren osagai nagusiak. Zuei eskerrak emanez, Durangon EH Bilduri forma ematen jarduten duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiet. Eta, bukatzeko, ibilbide honetan zehar dozenaka pertsona aipatu beharko nituzke eta, hala ere, baten bat ahaztu; beraz, bakar bat aipatuko dut. Militante hitza asmatu zuenak ziurrenik zu bezalako pertsona konprometitua edukiko zuelako buruan, Anparo, mila esker beti hor egoteagatik. Ez dakit zelan eskertu zure konpromisoa, hasieran Aralarren, eta gerora, gure barruan zeuden zalantzak uxatuz, apustu irmoa eginez EH Bilduren alde, eta horretaz gain, laguntzeko beti prest egon zarelako. Esan behar dizut, amore emateko zorian egon naizen momentuetan beti gogoan eduki dudala zu bezalako pertsonak ordezkatzen nituela eta horrek aurrera egiteko lagundu didala. Bukatzeko, gaizki esanak barkatu eta ondo esanak kontuan hartu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!